Errementari (Paul Urkijo, 2018) eta Amama (Asier Altuna, 2015) filmek, bakoitzak bere gaiaren eta generoaren kodigoak erabilita, tradizioa dute ere oinarri. Mikrokosmos eta unibertsaltasun dosiak nahastuz, euskal zine berriaren panoraman berezko lekua lortu dute. Lehenaren kasuan, Urkijok 1902ko Patxi Errementaria ipuin herrikoia du abiapuntu, zeinak, era berean, giza arimak ehizatzen zituzten deabruen inguruko kondaira europarretan duen erroa. Amamak, aldiz, baserrien paperaren inguruan hausnartzen du, metafora gisa ulertua, baina baita denboraren poderioz desagertzen ari den bizimodu gisa ere. Altunak gizarte patriarkalaren, moralaren eta familiaren inguruko gaiak ikuspuntu sinboliko batetik lantzen ditu, eta bere mezua munduko edozein bazterretan uler dadin lortzen du.
Bada, hala ere, euskal zinema garaikidean giltzarri den elkargune bat: hizkuntza. Lehen aldiz, euskara erabat sartu da zinema aretoetan. Ez da fenomeno berria, baina 2000ko lehen hamarkadan noizbehinka aurki zitezkeen euskarazko film horien presentzia erabateko normaltasun batez onartzen da gaur egun. Jarduera bizia eta etengabea da eta, olagarro bat uretan legez, bere tentakuluak genero eta formatu ezberdinetara iristen dira.
Altuna-Esnalek osatutako bigarren tandem hau gabe, agian, ez ginateke puntu honetara iritsiko. 2005ean espero gabeko arrakasta lortu zuten aretoetara 70.000 ikus-entzule erakarri zituen Aupa Etxebeste! komediarekin. Mediterraneoko kostan beharrean, oporrak etxean giltzapetuta igarotzera behartuta geratu zen familia horren istorioak euskal entzulegoa konkistatu zuen. “Komedia gisa funtzionatuko zuela bagenekien; ekipo guztiarekin egin genuen aurreneko ikustaldian ohartu ginen horretaz. Baina ez genekien aretoetan astebete ala hilabete iraungo zuen”, dio Xabier Berzosak, filmaren ekoizleetako batek. “Are gutxiago euskal pelikula mitikoa bihurtuko zenik!”, gehitzen du bere kide Iñaki Gomezek. Orduan, erronkak filmak Euskal Herritik kanpo ere arrakasta izatean zetzan. 2000ko lehen hamarkadan beste euskal ekoizpen batzuk ere estreinatu ziren, hala nola Kutsidazu bidea, Ixabel (Fernando Bernués eta Mireia Gabilondo, 2006) edota Ander (Roberto Castón, 2009). Loreaken efektuak bultzaturik, eta euskal zinemagintzako ekoizpenetan euskara guztiz normalizatua dagoen honetan, Asier Altunak eta Telmo Esnalek Agur Etxebeste! estreinatu dute 2019an, 14 urteren ostean.
Animazioarena eremu emankorra izan da aspalditik (Gartxot, Kalabaza tripontzia, Ipar Haizearen erronka…); baina Fermin Muguruza artista polifazetikoaren Black is Beltzarekin (2018) genero hau entzulego helduago batera iritsi da, soul musika eta 60. hamarkadan Estatu Batuetan eta munduan zehar izandako iraultzak nahasten dituen istorio frenetiko honi esker. Iratxe Fresnedak, zinegile lanetan ere zeresana eman duenak – Irrintziaren Oihartzunak (2016) eta Lurralde Hotzak (2018) dokumentalak zuzendu ditu -, egun euskaraz egiten den zinemagintzaren izaera plurala azpimarratzen du, horrek normaltasunetik ateratzen diren proposamen esperimentalak egiteko aukera ematen baitu. Besteak beste, eremu honetan gailentzen da Koldo Almandoz zinegile donostiarra. Film laburretan trebatua, berezko merituarekin lortu zuen Donostiako Zinemaldiko Zuzendari Berrien sailean sartzea 2018ean, Oreina izeneko filmari esker. Almandozek, egungo beste hainbat zinegilek bezala (Esnal, Goenaga, Arregi, Garaño), Kimuak film laburren programan parte hartuz egin du izena euskal zinegintzan. Euskal Filmategiak eta Etxepare Euskal Institutuak kudeatutako egitasmo honetako azken izen esanguratsuetako bat da, bestalde, Maider Fernandez. Gure hormek film laburra, Fernandezek eta Maria Elorzak zuzendua, 2019ko Goya Sarietan Film labur dokumental onenaren sarirako izendatua izan zen.