Laboa ezin uler daiteke bere bidelagunak aipatu gabe. Ez dok Amairu mugimenduaren sortzaileetako bat izan zen 1966-1972 urteen artean; talde horrek betirako aldatu zuen euskal kantagintza eta artisten belaunaldi berri bati ateak ireki zizkion (Xabier Lete, Lourdes Iriondo, Benito Lertxundi, Artze anaiak…). Lete musikari eta poeta zen, eta bere ondarea ezabaezina da. Iriondorekin batera, euskal gazteriaren sentimenduen ahots izan ziren frankismoaren errepresioaren aurrean. Lertxundi beste mito bat da, gure artistarik urtetsu eta maitatuenetarikoa. Orioko bardoa bezala ere ezaguna, bere musikak protesta, maitasuna, epika eta euskal folklorea jorratu ditu. Haiek guztiek elkar elikatu egiten zuten, sinergiak ohikoak baitziren. Euren zuzenekoetan abesti propioak Jacques Brel edo Donovan bezalako artisten abestiekin tartekatzen zituzten, eta horrek gauza batez ohartarazi zuen jendea: euskara beste kulturetako musikarekin erlazionatzen ari zela, baita rock’n’roll estiloarekin ere. Euskal musika tradizionalaren eta rock´n´roll berriaren arteko sinbiosi horretatik sortu zen Errobi 1974an. Anje Duhaldek eta Mixel Ducautek gidatutako Baionako taldea izan zen, Niko Etxartekin batera, euskal rockaren aitzindari.
“Mikelen musika barrutik dator, berak landu eta inoiz utzi ez zuen ildo sakonetik, intuizioz beterik…”
Kantautore ala ez, iragandakoek eta oraingoek miresten dute Laboa. Eta Laboatik igarotzen diren bideak askotarikoak dira. Izarren hautsa abestia, adibidez, Letek konposatu zuen, eta Laboak ostera bertsioa egin. Mikel Urdangarin edota Anari bezalako sortzaile garaikideek euren zuzenekoetan sartu ohi dute abestia, eta Ken Zazpik, euskal pop-rock mainstreamaren ordezkariak, beste bertsio bat egin zion abestiari. Haika mutil, Laboak hedatutako klasikoa, Etxea (2008) diskoan sartu zuen Kepa Junkera soinujole ospetsuak. Ruper Ordorika da euskal folkaren eta haratagokoaren (rock lasaia, kantautore elektrikoa) azken 30 urteotako beste gako bat. Laboaren Xoriek 17 (2005) azken estudioko diskoko abesti batean hartu zuen parte, eta Bidehuts disketxeak antolatutako artistaren omenaldi berri batean bere alea jarri zuen.
Txinaurriak. Mikel Laboari ikasitako kantuak (2010) albumean, Txerokee lanaren egitasmoa errepikatu zen, 20 urteren ostean: rock kutsuko talde berri eta ez hain berrik osatutako dream team batek Laboaren 19 abestiren bertsioak egin zituzten, sormen-askatasuna oinarri hartuta. Laboarena bezalako lan poliedriko eta bihurgunetsu batek bere mitoarekin bat datorren berrirakurketa bat topa dezake LP bikoitz honetan, non Willis Drummond, Lisabö, Audience, Athom Rumba, Inoren Ero Ni edota Berri Txarrak taldeen ekarpenak aurki daitezkeen. Deloreanek baino 7 urte lehenago, euskal eszena alternatibo eta independentearen alderdirik bikainenak begirunea erakutsi zion txori libre baten moduan hegan egin zuen gizon hilezkor bati. Eta badirudi Laboaren iturri amaigabearen uretatik edaten jarraituko duela euskal musikak, aldiro ertz berri eta ustekabeko batetik: hor daude WAS indie bandak lekeitioak diskotik hartutako sample elektronikoak; Sonakayren Txoria txori flamenkoa; altu eta aske hegan egiten duen rockero batek, Joseba Irazokik, egindako abestiaren deseraikitzea; Mursego bezalako artista total batek egindako inprobisazioa; Euskal folk esperimentalaren azken aurreko aurkikuntzaren heterodoxia Bas(h)oan proiektuan…
Ruper Ordorikak behin idatzi zuen: “Mikelen musika barrutik dator, berak landu eta inoiz utzi ez zuen ildo sakonetik, intuizioz beterik. Baina ildo hori ez zen soilik intuizioz sortua, baizik eta xehetasunez landua, bere ingurunearen eta denboraren eraginak ahaztu gabe”.