Euskadik eta Eskoziak kultur nortasun indartsu eta aberatsa, erroekiko harrotasuna, eta nortasun hori landu eta munduan ezagutzera emateko grina partekatzen dute.
Eskoziako kultur bizitza dinamikoa maila goreneko sorkuntza guneetan eta urtean zehar antolatzen dituzten nazioarteko musika, zine, dantza edo literatura jaialdietan islatzen da, besteak beste.
#ScotlandGoesBasque programa euskal sorkuntza garaikidea Eskozian erakutsi, eta kideak diren bi kulturen arteko loturak estutu eta elkartrukea sustatzeko asmoz burutu da 2019. urtean zehar.
Literaturatik hasi eta arte eszenikoetaraino, musika eta zinea alboratu gabe, #ScotlandGoesBasque Eskoziako euskal kultur zikloak euskal sortzaileen bikaintasuna erakutsi du puntako hainbat jaialdi eta hitzordutan (Celtic Connections, Edinburgh International Book Festival, Edinburgh Festival Fringe, etab.). Eta aldi berean, eremu akademiko zein kulturalean, artista, profesional eta erakundeen artean ideiak trukatzeko eta elkarlana estutzeko topagunea izan da.
Orotara, 86 euskal sortzaile (musikari, antzezle, dantzari, idazle, zine zuzendari eta abar) izan dira Etxepare Euskal Institutuak sustatutako 106 jardueratan. Publikoari irekitako saioez gain, zinearen eta musikaren inguruko topaketa profesional bana, eta nazioarteko kongresu bat ere burutu dira. Guztira, 137 euskal kultur eragilek bidaia egin dute Eskoziara urtean zehar burutu diren jarduera ezberdinetan parte hartzeko