Periploa

Ongi etorri! Sartu. Sartu antzokira eta eseri. Aukeratu zure eserlekua, zure espazioa, zure leihoa. Zehaztu zure perimetroa. Zehaztu zure espazio-ontzia, zure unibertsoa, zure begirada. Presta zaiztez euskal teatroan barna bidaiatzeko. Ondu zure txoko inprobisatua zure gogora, eroso sentitu arte.

Sartu eta hautatu zure tokia frontoian, kultur etxean edo antzoki ezagunean; kale-kantoian, gaztetxean edo herriko plazan. Sartu eta eseri, periplo bat prestatu baitizugu: euskal jokalekuetan barna bidaia bat. Zeharka itzazu gurekin euskal agertokietako zainak, hariak eta korapiloak. Ezagutu euskal teatroaren izarrak, sateliteak eta konstelazioak. Dastatu, usaindu bere erraiak, birikak, lorratzak eta paradoxak. Jolastu gurekin. Jolastu zure prismatik, zure odoletik, zure jakinduriatik, zure kulturatik. Jantzi irrikaz gogoa eta bihur ezazu euskal teatroa tarte batez zure apeta. Zabalduiguzu zure atea, bihotzeko begia. Ikusle maitea, ongi etorri gure antzerkira. Ikuskizuna hastera doa!

‘Sartu eta eseri, periplo bat prestatu baitizugu: euskal jokalekuetan barna bidaia bat. Zeharka itzazu gurekin euskal agertokietako zainak, hariak eta korapiloak.’

Hara! Ireki da oihala, euskal eszenaren oihala. Han dira periferiak eta hiriguneak, itsas-ertzak, landak eta lautadak. Euskal teatroaren geografia kolore guztietakoa da. Euskal teatroa anitza da. Errespetuzkoa. Gizartegaietan arduratsua eta baloreduna. Herriarekiko zein hizkuntzarekiko guztiz arretaduna. Euskal teatroarekiko atxikimendua euskal kulturarekiko borondatea da, harekiko maitasuna. Euskal teatroa euskalduntasunaren argazki xumea da: atzokotik edan duena, maitaleek berpiztu dutena, gaurkotasunak aberastu duena. Luzea da errepertorioa. Luzeegia denak hemen aipatzeko… Espazio batzuk gomendatzera goaz. Sartu eskua zakuan eta zoriak erabaki dezala gaurko jokalekua! Zabaldu mapa eta… Hor dituzu geltokiak! Antzezlekuak! Zoko-mokoak! Bidaia hastera doa!

1ª GELTOKIA:

Bira honi hasera emateko, Lapurdiko Luhuso herrian Harri Xurira gonbidatu nahi zaitut. Harri Xuri antzokia 2009z geroztik egonaldi eta estreinaldi ezberdinen gotorlekua da. Leku atsegina, zinez. Alabaina, izaten da bat berezia: Euskal lurraldeak zein euskalkiak batuz, hiru konpainiek elkarlanean -Artedrama, Axut eta Dejabu— teatroari ikusmolde berri bat eskaini diote. Hura berpiztu ez dakit, baina ikuslegoa astindu astindu dute. Eta azken aldian, sarrera guztiak agortu ohi dituzte emanaldiro. Ikuskizun berria bi urtez behin estreinatzen dute. Bertan izateko aukera baduzu, probestu ezazu, ikuskizunak ez zaitu eta epel utziko!

2ª GELTOKIA:

Gipuzkoako lurretan sartu bezain pronto, Oreretan Eztena arte eszenikoen jaialdia antolatzen dute 2008z geroztik; koba eta zulo, Mikelazulo kultur elkartearen eskutik. Beheko kalea 4n dute egoitza. Han trukatu izan dituzte urtez-urte saltsa, jolasa, performanceak, generoak eta esperimentazioa ekaineko bero-sapan. Bisita ezazu leizea, askatu gorputza, sareak, arrazoia… eta diberti zaitez antzerkizaleekin!

3ª GELTOKIA:

Ur gazia non, harantza abiatu txangoa. Nora eta Donostiara. Mihisetan lirain, itsasoak hiria edertzen duen eremura. Han da Victoria Eugenia antzoki entzutetsua Urumea ibaiaren ertzean 1912z geroztik dotoreziaz eraikia. 900 eserlekutik gora ditu belusezko gortina gorriei begira. Sartu. Sartu barrura eta eseri. Gaur martxoaren 27a da, Nazioarteko Antzerkiaren Eguna, eta Donostia Antzerki Saria banatuko da bertan. Urtero legez, hirian ikusi ahal izan den urteko euskarazko antzerki lan onenak saria eta aitorpena jasoko ditu. Emozioak eta irribarreak, besarkadak eta hitz-goxoak ogibidekideen artean. Alfonbra gorria eurena da gaur.
Dena dela, jakizu donostiar antzerkilariek Alde Zaharreko Antzoki Zaharra izendatu izan dutela beti hiriko antzoki kuttun. 1843. urtetik asko zor dio euskal teatroak espazio horri. Horrenbeste amets, komeria eta bitxikeria izan da bertan… Horrenbeste oroitzapen, historia, pasadizo… Halere, gaur egun euskal teatroa ikustera Egia auzoko Gasteszenara joaten dira gazteak, eusnobak eta XXI.mendeko ikusle finak. Agidanez, han programazio interesgarri franko eskaintzen omen da.

4ª GELTOKIA:

Gipuzkoa erdi-erdian kokatutako Azpeitian Antzerki Topaketen XXVIII. edizioa beteko da azaroan. Soreasu antzokia da urte horien guztien testigu zuzena. Euskal antzerkia hiltzeko zorian zegoela ziotenean ere, eutsi egin zion ametsari. Euskal teatroak merezitako mirespena eta begirunea jaso izan du topaketa hauei esker urterik eskasenetan ere. Gaur egun, iraupenari hauspoa eman eta urtero estreinaldi interesgarriak izaten dira antzoki berritu berri honetan.

5ª GELTOKIA:

Gipuzkoatik Bizkaia aldera jauzi egin eta Durangoko Azokan elkartzera goaz. Hartu kultur-gosea, ametsa, patrika betea eta herri-nortasuna, eta sartu guztiak motxilan. Egun-pasa bikaina duzu. Kulturgintzako esparruak, ertzak, filosofiak eta esperimentuak ezagutzeko parada duzu. Landako gune nagusitik haratago, arte eszenikoek Szenatokia izeneko gune propioa baitute, EHAZEren – Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea- laguntzarekin kudeatutakoa. Herriko San Agustin aretoan aurkituko duzu Szenatokiaren elkargunea, garai bateko eliza antzoki bihurtuta. Egitarau polita izan ohi da urtero, eta antzerki munduko nobedadeak, punta-puntako antzerki-lanak, aurkezpenak, hitzaldiak edo mahai-inguruak aurkituko dituzu bertan.

6ª GELTOKIA:

Kilometro gutxira, Aulestiko herrixkan, ADEL (Artedrama euskal Laborategia) gertatzen da Pazko-astean. Gorputzak, ahotsak eta sormen prozesu komunitarioak esperimentutan ibili ohi dira ikastaro ezberdinetan astebetez. Euskal aktore, zuzendari, antzerkigile eta zaleen topalekua denez honakoa, han elkarbanatzen dira bizipenak, iritziak, asmoak zein indarrak antzerkizaleen artean. Elkartruke artistikoa oinarri duela, antzerki ikuskizun berritzailez jositako programa prestatzen dute. Eta kondairak dioenez, sorginduta edo, behin hura ezagutuz gero, berriz errepikatu nahi izaten omen da.

7ª GELTOKIA:

Bizkaiako hiriburura iritsi eta Bilbo erdian larderiatsu ageri den Arriaga antzokiak txundituko zaitu jarraian. Azken urteotan, euskal eszenari eskaini dion tokitxoak egin du Arriaga handiago, euskal antzerkigintzara gerturatu eta euskaraz produzitzeari ekin eta gero. Bada, horrez gain, 2011n sortu zen beste altxor bat Bizkaiko hiriburuan. Pabilioi6 (P6) izena duen eta irudimenez beterik dagoen espazio huts bat. Industrializazio garaia gogora dakarren sortzeko eta asmatzeko eremu erabilgarri bat. Handitasun arkitektoniko garestietatik aparte, artistek euren artelanak sortu eta publikoarekin gertutasunetik elkarabantzeko fabrika bat.

8ª GELTOKIA:

Araba aldera darrai bideak. Hiru sala dituen Gasteizko Baratza aretoan sartzera zoaz. 2013an zabaldu zituen ateak, eta ordutandik mota guztietako sorkuntzak, diziplina arteko proiektuak eta arlo anitzetako artistak batu izan ditu izartegi goxo honek. Bizilagunak eta ikusle begiluzeak asetzeko honako elikagaiak eskaini ei ditu urtean zehar: ikuskizunak, zikloak, ikastaroak eta erakusketak. Egonaldietarako laguntzak ere eman izan dituzte. Familia arteko giroan arte berritzaileak ezagutu nahi dituenarentzat, geldialdi ezinbestekoa da Baratza.

9ª GELTOKIA:

Bidaia bere azkenetan, Nafarroara abiatu eta Iruñako San Agustin kalean Nafarroako Antzerki Eskolan egizu geldialdia. Aukera ezazu Antzerki Aroa programako ikuskizunen bat eta barneratu zaitez xarma berezidun antzoki honetan. Eskatu edariren bat kanpoan duten barran, eta gozatu!

10ª GELTOKIA:

Zabaldu begiak. Arnastu haize freskoa. Iparroratzak ipar-ekialdera garamatza. Bide-zidor berdeetan zehar bagoaz Zuberoara, herrixka ttikien gotorleku miragarrira. Herri-antzerkiak XVI. mendea eta XXI.a zubitzen dituen eremura. Historialari eta ikerlarientzat bisita derrigorrezkoa. Pastorala, libertimendua, tobera… izan zitekeen, baina Maskarada jokatzera doaz gaur, non eta herriko plazan -igandero herri ezberdin batean-, nortzuek eta herritarrek beraiek -aurten ardura hartu duen herriko jendeak-. Euskalki eztia entzuten da biztanleen ahotan. Negua da, baina udaberriari ari dira deiardarka. Txoriak txioka eta Txorrotxak kantari. Bertan dira dantzari fin gorriak hankak astintzen. Ankerkeritan beltzak ingurumaria nahas-mahasten. Hau da festa eta herri-legea! Usadioa eta identitatea. Hau da erritua! Historia zahar-berritua. Herritarrak dira aktore, gorriek jantziak dotore. Plaza da eszenatoki; beltzen zirikez gain, ikusleen begiratoki.

11ª GELTOKIA:

Ikusle preziatua, etorri gurera eta eseri, hautatu zure tokia, zure espazioa eta leihoa. Mapa zabaldu, itxi begiak eta kokatu hatz-erakuslea gura duzun tokian. Aipatu gabe geratu diren hamaika herri, areto, antzerki-aste, gune magiko edo txoko maitagarri baitago zure zain. Hamaika hazi eta hosto. Antzerkiaren lorategia geroz eta koloretsuagoa da Euskal Herrian, eta desiran gara zurekin edonon partekatzeko.

Orain, zure betaurrekoei zure gustura moldatu dioptriak, itzal eta argiak. Etxean bazeunde bezala sentitu. Eta etor zaitez gurera ikusmiraz: sentitzeko, ezagutzeko eta bizitzeko gogoz. Bizia baita antzerkia. Bizirik baitago teatroa. Eta izan zaitez gaur-gaurkoz gure ikusle preziatua, amorante irrikatsua. Edazu gure ahoskeratik. Gure dramaturgiatik. Jazu gure pasiotik. Egizu negar, laztan edo barre lehertzeraino. Jolastu emozioekin, malkoekin, desirekin; eta utziezu hauei azala eta bihotza gazitzen, leuntzen, lurrintzen, urtutzen. Bihurtu zaitez protagonista gure antzokian. Izan zaitez gure luxuzko publikoa. Ongi etorri euskal antzerkira. Ikuskizuna hastera doa!

Lotutako artikuluak

No Content Available