Kaleak hartzen dituzten gorputzak

Mendea estreinatu berri zenean, gona beltzez jantzitako emakume bat Brooklyneko zubiaren erdian kokatu zen, kameraren begiari so. Hankak ireki zituen eta, zutik, espazio publiko horren erdian pixa egiten hasi zen. Itziar Okariz zen artistaren izena, eta Espazio publiko eta pribatuetan pixa egitea artelanarena. 2000 eta 2004 urteen bitartean hainbat lekutan egin zuen performancea, zenbaitetan zuzenean, besteetan bideoan grabatua izan zedin, artelan independente eta iraunkor gisa. Lehena Düsseldorfetik igarotzen den Rhin ibaian gauzatu bazuen ere, orduantxe bere bizilekua zen New Yorken burutu zituen ekintza gehienak.

Urrutiko txokoetan forma hartu zuen performance honen eragina azkar igarri zen Euskal Herriko arte eszenan. Izan ere, unean feminismoan eztabaidagai ziren hainbat ideiaren gauzatze probokatzailea zen artistaren lana. 1999an Judith Butlerek Genero nahasmendua liburuaren ingelesezko edizio berria argitaratu zuen, eta 2001ean itzuli zen liburua gaztelerara. Lan honetan filosofoak queer mugimenduaren oinarri zen teoria luzatzen zuen, alegia, generoa performatu egiten dela, antzeztu, errepikatu. Besteen begien aurrean gizon edo emakumetzat definitzen gaituztenak behin eta berriz errepikatzen ditugun jarrerak, joerak eta ekintzak direla, eta ez inolako parametro biologikoak. Identitatea antzezten dela esan zuen Butlerek, denbora guztian ekoizten ari den zerbait dela, eta errepikapenak etenaz edo printzipioz ez dagozkigun jarrerak hartuz, genero identitatearekin apurtzeko aukera dagoela.

Aukera hori zen, hain zuzen, Itziar Okarizek Brooklyneko zubian hankak ireki eta pixa egiten zuen unean gertatzen ari zena. Emakumearen pixa egiteko posizio makurtua beharrean, gizonen zutikakoa hautatu zuen; eta emakumeek behar hau egiteko bilatzen duten leku itxi eta pribatua beharrean, gizonek maiz erreparurik gabe erabiltzen duten espazio publikoa hartu zuen. Gizon bati zegokion gorputz hizkuntza erakusten zuen emakumea zen une horretan Okariz. Agerian uzten zuen ez zegoela posizio-banaketa justifikatzen zuen elementu biologiko fisikorik; esanahiaz kargatutako erabaki sozial asko bai, ordea.

‘Okarizen lana erreferente izan da feminismoa eta gorputza uztartu dituzten hainbat euskal artistentzat, baina ez da bakarra.’

Okarizen lana erreferente izan da feminismoa eta gorputza uztartu dituzten hainbat euskal artistentzat, baina ez da bakarra. Urte asko aurretik jada Esther Ferrerek bere gorputza arterako lehengai gisa erabili zuen. 1977an Intimoa eta pertsonala performancean biluztu eta bere gorputzaren neurriak hartu zituen, arbel batean idatziz ondoren, eta publikoan zeudenei berdina egitera gonbidatu zien. Honela, emakumeen gorputzek pairatzen duten kontrola agerian jarri eta gorputza bizitako esperientzia errealtzat aurkeztu nahi zuen, bestearen begiradarentzat plazerrerako objektuaz gain beste zerbait ere badela aldarrikatuz.

Ferreren lan hartan agertzen zen jada Okarizen proposamenean funtsezkoa den puntu bat: publiko eta pribatuaren arteko banaketa. Intimoa eta pertsonala, hain zuzen, espazio pribatuetan gertatzen dena da, publikoa denaren kontrajartzea; emakumeen gorputzek halako espazioetan izan dute historikoki lekua, eta euren ekintzen mugaketa markatu dute murru horiek.

“Artisten hasierako bideo lanetan ohikoa zen lau pareten artean itxitako emakumeak topatzea, etxeko espazioarekin hartu-eman ez beti erosoan. “

Ez da harritzekoa, beraz, etxeko bizitzari kritika arte feministaren sorreratik presente egotea. Zenbaitek emakumeen lanen eskenatoki ziren etxeko espazio zehatzei arreta eskainiz burutu zuten kritika hori, Martha Rosler estatubatuarraren Sukaldearen semiotikaren kasuan bezala; beste hainbatek, feminitatearekin lotutako lan horietan jarri zuten arreta. Euskal Herrian Itziar Elejalderen 1980ko Penelope lana da adibide esanguratsua: neoi arrosa batetik pintza batzuez zintzilikatzen da oihal zuri distiratsua, ikuzitako arropa legez. Bertan noiz arte, Penelope, abusatuko duzu zure pazientziaz esaldia irakurri daiteke, hari arrosaz brodatua.

Hogei urte beranduago, Okarizek Rhin ibaian lehen performanceak egiten zituen bitartean, Naia del Castillok Etxeko espazioa. Aulkia aurkezten zuen Gure Artea sarira. Bi atalez osatutako lana zen: objektu bat eta argazki bat. Objektua egurrezko aulki bat zen, gainean kuxin bat eta oihal berberarekin egindako gona bat kuxinari josita zuena; argazkia, bestalde, emakume batena zen, aulkian kateatzen zuen gona hura jantzita zuena. Emakumea etxeko espazioan iltzatuta erakusten zen, lan femeninoekin lotutako baliabide baten bitartez gainera, oihala eta josketa, alegia. Etxeko altzariak performatibitatea zehaztu eta mugatzen zuten tramankulu gisa irudikatzen ziren, etxekotasunaren balizko goxotasuna kartzelaren iluntasunez goibeltzen zutena.

Naia del Castilloren artelanean emakumeen rolari forma eman dioten espazioak eta objektuak, ohiturak, jarrerak eta mugimenduak argira ekartzen dira; Itziar Okarizen artelanean, horiekin apurtu eta beste espazioez zein jarrerez jabetzen diren egoerak sortzen dira. Identitatearen konplexutasuna ekinez eraikitzeko gonbitea luzatzen du Okarizek, eta ez edonon: subjektu publikoa eraikitzen den espazio publikoan.

Grin horretatik abiatuta, Pripublikarrak kolektiboak espazio publikoa hartzeko apustua egin zuen, eta identitatearen eraikuntzaren ideia igortzeko Koktelazioak ekimena proposatu zuen 2006an. Bilboko zenbait plazatan, pasatzen zirenei euren identitatearen mapa osatzeko aukera eskaintzen zieten, menu batetik ezaugarriak hautatuz. Izenez beharrean, akzioez osatzen zen menua: “kirolaria naiz” esaldiaren ordez, “kirola egiten dut” hauta zitekeen. Identitate estatikoari aurre egiteko, ekinaren bitartez egunero eraiki eta eraldatzen den identitatea erakutsi nahi zioten parte-hartzaileei; eta identitate guztien orijinaltasuna irudikatzeko, menuko akzio oro osagai batekin lotu zuten, eta identitate mapako osagaiekin koktel desberdin bana prestatu zitzaion pertsona bakoitzari.
Señora Polaroiska kolektiboaren lanean ere emakumeen gorputzek espazio publikorantz egindako ibilbidea ondo antzeman daiteke. Artisten hasierako bideo lanetan ohikoa zen lau pareten artean itxitako emakumeak topatzea, etxeko espazioarekin hartu-eman ez beti erosoan. Koktelazioek Bilboko plazak hartzen zituzten urte berean sortu zuten Lady Jibia piezan, ordea, etxeko espazioa eta natura kontrajartzen dira: lehenak emakumearen gorputza mugatu eta normatibizatzen du, arropa, lan eta keinuen bitartez; bigarrenean, aldiz, gorputza biluzik mugi daiteke, aske. Eta hortik aurrera, Señora Polaroiskaren lanetan agertzen diren emakumeak espazio publikoaz modu agerikoagoan jabetzen joango dira.

2012an egindako Pilota girls lana da horren erakusle bikaina. Euskal Herriko espazio publiko nagusi bat frontoia izan da, pilota jokatzeko lekua izateaz gain herriko plazaren funtzioa ere bete duelako. Beste asko bezala, erabat maskulinoa izan den gunea dugu, gizonezkoak jolasten zirelako soilik eta haiek ziren batez ere begiratzen eta apustuetan aritzen zirenak. Bideo honetarako, Señora Polaroiskak Patri Espinar emakumezko pilotaria Bilbon kalez kale jarraitu zuen, honek eraikinen paretak frontoi inprobisatu gisa erabiltzen zituen bitartean. Hiriko espazioa bere egiten zuen pilotariak, berriz ere bere generoarekin lotuta ez dauden mugimenduak eta jarrerak erakutsiz, eta espazioak zehazten dituen genero markekin hautsiz.

Emakumeen gorputzek eta ekintzek espazio publikoan eragiteko duten boterea, eta genero banaketaren gaineko gogoeta egiteko aurkezten dizkiguten aukerak, Euskal Herriko arte garaikidean sakon landutako gaiak izan dira. Kaleak aldarrikapen esparru gisa ulertu dituen euskal gizarte garaikidearentzat ez da jarrera arrotza, baina bai oraindik ere beharrezkoa.

Lotutako artikuluak

No Content Available