Euskara

Euskara 900.000 hiztun inguru dituen hizkuntza da, Pirinioen mendebaldeko ertzaren bi aldeetan hitz egiten dena; hau da, Espainiaren eta Frantziaren lurraldeetan. Espainian, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan hitz egiten da, eta Frantzian, Lapurdi, Behe-Nafarroa eta Zuberoa probintzietan. Zazpi probintzia horiei Euskal Herria edo Vasconia esaten zaie.

Euskaldunok euskaraz izendatzen dugu mundua. Euskara Pirinioen mendebaleko bazterrean hitz egiten da, Espainiaren eta Frantziaren arteko mugaz gaindi. Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroa dira penintsulako euskararen lurraldeak. Iparraldean; Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoa. Zazpi herrialde horiei deritze Euskal Herria euskaraz. Azken datuen arabera, hiru milioi ingurutik, ia 900.000 pertsona gai dira euskaraz mintzatzeko Euskal Herri osoan. Denboraren joanean, euskarak egiazki frogatu du beste hizkuntza batzuen hitz eta egiturak beretzeko izugarrizko gaitasuna duela. Horrela izan ez balitz, duela mende batzuk desagertuta legoke orain bi mila urte Espainian eta Frantzian hitz egiten ziren beste hizkuntzak bezala.

Euskara genetikoki isolaturiko hizkuntza da, eta, sailkatzerik ez daukaten hizkuntzekin gertatu ohi den bezala, bere jatorriaz ere hipotesirik bitxienak garatu dira historian zehar. Hipotesi klasikoen eta modernoen artean, frogatu daitekeen teoria bakarrak euskara eta egungo Frantziaren hego-mendebalean mintzatzen zen akitaniera lotzen ditu. Baditugu froga epigrafikoak duela bi mila urte, egungo euskararen aurrekaria den hizkuntza bat Akitanian eta Nafarroako toki batzuetan hitz egiten zela adierazten dutenak. Nolanahi ere, Koldo Mitxelena (1915-1987) linguista gipuzkoarrak zioen bezala: “Euskarak ezkutatzen duen egiazko misterioa ez da haren jatorria, gaurdaino iraun izana baizik”. Are harrigarriagoa da Euskal Herria betidanik beste herri batzuekin pasabidea izan denean eta beste jende batzuekin beti harremanetan egon denean.

Iraganeko konkistak, aliantzak eta trabak tartean, XIX. mendean berezko hizkuntza estatukoa ez duten Okzitanian, Herrialde Katalanetan eta Galizian bezala, Euskal Herrian ere Pizkundea deitu den mugimendua sortu zen. Anton Abadiak hauspotutako “Koplarien guduak” edo Lore Jokoei esker, euskarak tokia irabazi zuen eta estatuz gaindiko euskaldun kontzientzia sortu zen, gerora euskara berraurkitu eta lantzeko balioko zuena. 1918an, Eusko Ikaskuntzak lehenengo biltzarra egin zuen eta, 1919an, Euskaltzaindia sortu zen. Hizkuntzaren urrezko aro hura borobildu zuten euskara helburu izan zuten Euskaltzaleak elkarteko kideek: Xabier Lizardi poetak eta Jose Ariztimuño Aitzol apaiz abertzaleak, besteak beste. Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak osatutako mankomunitateari autonomia eman zioten 36ko gerra hasita zenean, eta fronteko azken gotorlekuarekin batera galdu zuen euskarak bere ofizialtasuna. Francoren diktaduraren erra eta destaina nozitu ostean, 1960ko hamarraldian, euskara euskal nazioaren arima bihurtu zen; diktadura garaian sortutako ikastolak eta gau-eskolak ezinbestekoak izan ziren. Elbira Zipitria (1906-1982) hasi zen euskara irakasten gerra amaitu eta gutxira, etorkizuneko ikastolei bide eman zien. Gau-eskoletan helduek euskara ikasten zuten eta egungo euskaltegien aurrekari izan ziren. Gaur egun 40.000 bat lagunek ikasten dute euskara euskaltegietan.

Euskal dialektoen arteko aldea oso nabarmena da. Europa osoan, agian beste lurralde txiki batean bakarrik, Eslovenian, da hain begi bistakoa dialektoen aniztasuna. Euskaldunek kontatu ohi dute, ondoko herrira bizitzera joan bezain laster konturatzen direla beren jaioterriko eta auzo-herriko hizkeren arteko ezberdintasun nabarmenaz. Louis-Lucien Bonapartek, Napoleonen ilobak, 1863an, euskalkien lehenengo mapa prestatu zuen non zortzi euskalki aipatu zituen. Gaur egun, Koldo Zuazo linguistak egindako sailkapenak bost taldetan banatzen ditu: mendebalera, erdialdekoa, nafarra, nafar-lapurtarra eta zuberotarra.

Euskarazko lehenengo liburua Bernart Etxeparek idatzi zuen 1545ean, Linguae Vasconum Primitiae. Aurretik glosa laburrak idatzi zirela badakigu XI. mendekoak agertu direlako. Bigarrena itzulpena izan zen, 1571n, Joanes Leizarragak Testamentu Berria euskaratu zuen. Joan Perez Larrazagaren narrazio eta olerkiak aurkitu dira, 1567-1602 urte artean idatzitakoak. Orduz geroztik euskarak, euskalki batean edo bestean, tradizio literario etengabea landu du. Azken aldian, abiadura biziz euskara batua sortzeko prozesuagatik beragatik. Euskaltzaindiak 1968an ezarri zituen euskara batuaren oinarriak. Hizkuntza estandarizatua administrazioan, hezkuntza sisteman, hedabideetan eta, oro har, literaturan erabiltzen da. 1968an 93 liburu argitaratu baziren euskaraz, 2017an, 2.267 plazaratu ziren.

UNESCOk euskara egoera ahulean dagoela dio, batez ere Nafarroan eta Iparraldean. Jakite-maila gora doan bitartean, erabilera mantsoago doa. Aitzitik, mintzairak arte adierazpenetarako, unibertsitaterako, hedabideetarako, zientziarako eta teknologia berrietarako sarbidea dauka, eta mendeetako ohiturari jarraituz, euskararen iraupena bermatuta dago.

Xabier Zabaltza

Historialaria

Ivan Igartua

Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea